"ZEIN LEKUTAN IZAN DIRE ERE KONTUAN HARTU BEHAR DA" - Erreportaia ATARIA 2016-06-30

«Zein lekutan izan diren ere kontuan hartu behar da»

 KIROLA  TOLOSA
4.880,30 kilometro egin ditu igerian, bizkarrez, Peñak bere ibilbide osoan zehar; tolosarrak munduko errekorra jarri du.
Munduan bakarra da Carlos Peña (1965, Tolosa), eta orain, hori jartzen duen ziurtagiria dauka. 26 urtetan 56 erronka egin ditu igerian, eta guztien baturak, munduko errekorra eman diote tolosarrari.

Munduko Errekorra zurea da entzuten duzunean, zero etortzen zaizu burura? 

Ez dakit. Ez dut sinesten. Urte asko izan dira; sufrimendu asko; lan asko. Mundua oso handia da, eta igerilari asko daude… Nire kasua ikertu dute, eta baietz, errekorra hor dagoela; inork ez du egin nik egin dudana.

Official World Record erakundeak esan du hori.

Guinness World Records-en antzekoa da, baina amerikarra. Guinness-ak ingelesak dira. Asko kostatu zait errekorraren ziurtagiria lortzea. Diru asko ordaindu behar izan dut, eta dokumentazio ugari bidali. Eskatu didaten guztia bidali diet. Erronka guztiak ikertu dituzte, eta galdera batzuk ere egin dizkidate. Azkenean, iragan astean ziurtatu zuten munduko errekorra.

Zergatik egin zenuen OWR-ekin eta ez Guinness-ekoekin?

Guinness-ak britaniarrak dira, eta nire ustez, arraro xamarrak dira. (Barreak)

Konta konta. 

Guinness-ekoekin aspalditik nengoen harremanetan. Beraiek esan didate ni izan nahi zela hori egin duen bakarra, baietz, baina beste inor ez denez ibiltzen, hau da, lehiakiderik ez dudanez, Guinness errekor bezala ez dutela onartzen. Errekorra hor dagoela diote, baina ez didatela emango… Esan bezala, niretzat arraro xamarrak dira.

Noiz erabaki zenuen amerikarrengana jotzea?

Iaz, eta diru asko kosta zait.

Zer eskatu zizuten, zuzenean dirua?

Ez, ez… Aurrena nire burua aurkeztu nien. Eurek baldintza batzuk jarri zizkidaten, eta nik baldintza guzti horiek bete egin nituen. Ziurtagiri, argazki, bideo eta abar bidali nizkien. Egin ditudan erronka guztien inguruko informazio dena. Aurrenekoa 1989an izan zen, eta ordutik dena jasotzen dut; argitaratzen den guztia, agiri guztiak… Behin informazio guzti hori bidali ondoren, ordaintzea tokatzen da, 1.000 euro baino gehiago. Azken finean, hau notario baten aurrean bermaturiko ziurtagiri bat da, zerbait serioa, eta kostuak ere horrelakoak izan dira.

Ez dago mundu osoan, bizkarrez zu baino kilometro gehiago igeri egin duen inor. 

Ez hori bakarrik; zein lekutan izan diren ere kontutan hartu behar da.

Balio bikoitza du errekorrak, orduan.

Hori da. Muturreko baldintzak zeuden lekuetan egin dut igeri. Itsaso Hila adibidez, oso gogorra izan zen. Inork ez zuen uste hura zeharkatzeko gai izango nintzenik. Ordu bat han igeri ibiltzen baldin bazara, haragi bizitan bukatzen duzu. Itsasoak jan egiten zaitu. Alde batetik gatz asko duelako, baina bestetik, osagai kimikoak dituelako. Eta horrela izan zen, haragi bizitan gelditu nintzen. Baina bukatu egin nuen. Bertako ur tanta bat begian sartuz gero, itsu gelditzeko arriskua dago… Bai, entzuten duzun bezala. Trago bat edanez gero, urgentzietara eramaten zaituzte, eta agian, eta agian diot, bizitza salbatzen dizute. Benetan diot leku batzuetan nire bizitza bene-benetan arriskuan jarri dudala. Titikaka lakua, 4.000 metroko altueran, oxigeno gabe… Aste bete lehenago joan eta gero, lakura. Euskadiren zabalera duen lakua… Marakaiboko lakua, itsasoaren mailan bai, baina 40 graduko tenperatura, hezetasuna 90-95… Erronka asko izugarriak izan dira.

Gogorrenak horiek izango ziren, ezta?

Bai, eta Ebrokoa ere ez zen atzean gelditu. 927 kilometro dauzka, eta osoa egin nuen. 10-11 ordu igeri, egunero, eta askotan bakarrik. Sostengu taldea lurretik joan zen, hau da, uretan ondoan ez nuela inor. Urtegietan ere antzera ibili izan naiz, bakarrik, aurrera egin beste aukerarik gabe. Jarraitu edo hil, han ez zegoen besterik.

Azkena zein izan da?

Iaz, urrian, ia 100 kilometro egin nituen Alcantara-ko Urtegian, atsedenik gabe. 36 ordu aritu nintzen igeri, jarraian.

Errekorrean jartzen duenez, 26 urtetan 4.880,30 kilometro egin dituzu igeri, 2.151 ordu eta 20 minututan. 

Urte batzuetan hiru erronka egin izan ditut, beste batzuetan bi, eta baita bakarra ere. Izan ere, ez daukat atzetik laguntzaile talde bat, edo babesle sare bat. Nire opor egunetan, edo asteburuetan egin izan ditut erronkak. Dena borondatezkoa izan da, eta ez dut sekula, inoiz, ezer kobratu. Familia, lagunak edo elkarteren bat eduki izan ditut ondoan, baina beti borondatez, eta ezer kobratu gabe.

Ba al dakizu zure bizitzako denboraren hiru hilabete igerian pasa dituzula?

(Barreak) Proba asko, bederatzi edo hamar, 24 ordukoak izan dira. Atsedenik gabe, segidan. Aurrenekoa, gainera, Tolosan egin nuen. Igerilekua nik inauguratu nuen. 25 metroko barrutiak 24 ordu pasa nituen gelditu gabe igeri.


Lehen erronka 1989an egin zenuen.
Logroñotik Zaragozarakoa izan zen, abenduaren 26tik 30era.

Nolatan hasi zinen?

Gaztetan korrikalaria izan nintzen, eta ona gainera. Gipuzkoako txapeldun askotan gelditu nintzen, eta Behobia-Donostia ere irabazi nuen nire kategorian. Hiru maratoi egin ditut, eta azkena 20 urterekin izan zen. 2:32ko denbora oso ona egin nuen. Atleta gazteenaren saria irabazi nuen, eta abar. Etorkizun oparoa nuela esan daiteke. Baina lesioak etorri ziren orduan, eta bi urte txar pasa nituen: ezin nien lesioei buelta eman. 23 urterekin, horrenbeste denbora geldirik ezin nuela egon esan nion nire buruari, eta gauetik goizera, Ebro ibaian entrenatzen aurkitu nintzen. Ez nintzen inoiz igerilaria izan, eta anaiarekin zerbait egin behar nuela aitzakiatzat hartuta, pentsatu gabe, lehen erronkari heldu genion.

Behin horrelako bat egitea, tira. Baina horrek jarraipena izatea?

Behin hori ere hala moduzkoa izan zen, ba. (Barreak) Nire aita eta beste bi kotxez genituen gu jarraitzen, karreteraz. Anaia eta biok ibaian bakarrik. Baina hirugarren egunean, Tudelan, anaia gaixo jarri zen, eta bakarrik segitu behar izan nuen. Tarteka «hemen gaude!» entzuten nuen, baina beste guztian bakar-bakarrik joan nintzen. Hori egin eta hurrengo urtean Miño ibai guztia egin nuen, 340 kilometro.

Zergatik beti bizkarrez?

Duela 27 urte, neopreno jantziak gogorrak ez, izugarri gogorrak ziren. Janztea ere kosta egiten zen. Flotagarritasuna oso ona zuten, baina elastikotasuna, zero. Urpean ibiltzeko eginak zeuden, ez igerian ibiltzeko. Diru asko ordaindu ondoren erosi genituenez, erabili egin beharra zeuden. Aurreraka hasi, hasi ginen. Baina ezinezkoa zen. Han ez zegoen besorik mugitzerik. Postura aldatu eta atzeraka abiadura hartzen genuela ikusi genuen, eta irtenbidea hori izan zitekeela. «Horrela beharko du, ba» esan, eta horrela hasi zen dena.

Atzeraka igeri egitean, ez duzu zer datorren ikusten. Ezustekorik hartu al duzu?

Olaturik ez baldin badago, arnasa normal hartzen joaten zara. Hori izango litzateke bere abantaila. Beste aldean, ordea, orientazio eza, eguzkiak eta erredurak, ibaiko arroka eta ur azkarrak… gauza asko daude. Horrelako kasuetan, errezatu eta kolperik ez hartzen saiatzen zara. Baina beti hartzen duzu kolperen bat, eta min ere bai. Lakuan ez dago horrelako arazorik, baina hor orientazio eza sartzen da. Beti behar duzu norbait zuzenduko zaituena.

Bestela bueltaka ibiliko zinateke.

Eta ibili naiz. Nire ustez kilometro gehiago egin ditut, baina azkenean, ibilbide bat egiten duzunean bere distantzia jartzen duzu. Baina zuzen ibiltzea ezinezkoa da.

Oraindik ez didazu esan atzeraka zerbait ukitu duzun edo ez. 

(Barreak) Badakit nora iritsi nahi duzun. Ez, ez dut erasorik jasan, baina gertu ibili dira. Ikusi egin dituztelako. Gibraltarreko itsasartean izan zen. Ontzitik ikusi zituzten eta gertu ibili omen ziren, baina nik ez nituen ikusi.

Aipatzeko beste animaliarik?

Arranoa.

Arranoa?

Bai, eta ezustekorik handienetakoa hark eman zidan. Nire gainean ikusten nuen denbora guztian. «Kabroi hau zelatan daukat», pentsatu nuen. Eta bueltaka bueltaka hantxe jarraitu zuen. Horrelako batean, beheraka jaisten hasi zen, eta zuzenean niregana etorri zen. Nik eskua jarri nuen aurpegia gutxienez babesteko. Zentimetro gutxira berriro gorantza joan zen. Oso-oso gertu ikusi nituen atzapar haiek.

Egoerak ere egon dira. Bosnian gerra garaian egin nuen erronka, eta suntsitutako zubi baten burdinetan kateatuta gelditu nintzen. Han oso gutxigatik salbatu nuen nire bizitza. Beldurgarria izan zen, bai. Muturreko lekuetan ibiltzeak horrelako gauzak ditu. Kasuen %90ean ez daukat ideiarik ere benetan nora joaten naizen. Galdezka ibili behar izaten dut.

Bertakoek nola begiratzen dizute?

Hobe ez esatea. (Barreak) Kontua da ez dela erraza esplikatzea zer egitera noan. Eta estiloa, aipatu ere ez diet egiten. Informazioa, adibidez, Jacques Cousteau ezagunak eman zidan behin, Titikaka lakuaren inguruan. Berak ongi ezagutzen zuen, urpekari bezala denbora asko igaroa baitzen bertan, igel erraldoi batzuen inguruko ikerketan. Laguntza eskatu eta inongo arazorik gabe bidali zidan informazioa; oso ona, gainera.

Zein da zure hurrengo proiektua?

Ea aurten egiteko moduan naizen. Lesio nahiko gogor bat pasa dut, baina entrenamenduak gogortzen hasia naiz eta ondo doala ematen du. 24 orduko bat egitea gustatuko litzaidake iraila aldean, Donostian, Urumean. Alzehimerraren aurkako borrokan Afagi fundazioari laguntzeko izango litzateke.

Eta buruan, ametsen atalean duzun proiektu hori, zein izango litzateke?

Buruan ideia asko ditut, baina ez da erraza. Tibeten adibidez, munduko altuera handienean dauden urtegiak daude. Horietan aritzeko baimen asko beharko nituzke, eta diru asko. Tamesis, adibidez, egingarriagoa ikusten dut. Eta zergatik ez 48 orduko igerialdi bat egin, atsedenik gabe. Orain arteko luzeena 36koa izan da.

OWR erakundeak onartu dizun errekorrak, ate horiek zabaltzen lagunduko dizute. 

Baietz espero dut. Ez da aurten egindako zerbait. Ibilbide oso bat da, bizitza oso bat. Marka hor dago, eta edonork ikus dezake, agerikoa baita.

Comentarios

Entradas populares de este blog

2º RECORD MUNDIAL PARA EL NADADOR EXTREMO Y SOLIDARIO CARLOS PEÑA

El nadador Carlos Peña homenajea a enfermeras y enfermeros de Gipuzkoa