Entrevista a Carlos Peña - Traducción al Euskera
CARLOS PEÑA, MUTURREKO IGERILARIARI ETA
ELKARTASUNZALEARI ELKARRIZKETA
Carlos Peña beti izan da kirolaria,
baina hasieran bere gustukoa atletismoa zen. Muturreko igeriketarako joera inprobisatua
izan zen, 1989ko udan. Baina geroztik, hirurogeita hamar jarduera egin ditu eta
OWRa (World Records Ofiziala) du. Titulu
honek, igeriketan egindako kilometro kopuruaren munduko errekorra aitortzen dio
Carlos Peñari. Muturreko bizkar-igeriketa modalitatean 4.880,30 Kilometro 2151
ordu eta 20 minutuetan eginda, 1989tik 2015era bitartean.
Elkartasunezko jarduera hauekin, gaixotasun desberdinak
dituzten pertsonen bizitza hobetzeko borroka ikusgai da.
Galdera: Carlos, nola
hasten zara muturreko igeriketan?
Erantzuna: Kirola beti
egon da nire bizitzan. Nire gaztaroan Tolosako Futbol klubeko atletismo
atalaren kide nintzen. Nire gustukoak ziren maratoia eta maratoi erdiak,
emaitza onak lortzen nituen.
Baina 1989an hanketan mina hasi
zitzaidan, eta egoera horrek, ez zidan uzten normaltasunez entrenatzen. Medikuek
esaten zidaten ez zegoela kalte nabarmenik, baina ez behartzeko fisikoki, entrenamendu
leunak egiteko adierazten zidaten bilakaera aztertu ahal izateko. Baina zenbait
hilabete igaro ondoren ez nuen hobekuntzarik nabaritzen, beraz, udan zerbait ezberdina
egitea erabaki nuen. Horiek horrela, egun batetik bestera erabakitzen dut Ebro
ibaiko uretan sartzea eta Logroñotik Zaragozaraino joatea igeri eginez.
Orain, hotza eta urteak igarota,
egindakoa erokeria zela konturatzen naiz. Garai hartan ez nintzen igerilari ona,
batez ere Ebro ibaian ibiltzeko. Gainera, proba neguan egin behar genuen, hotza,
uretan eta kanpoan; ez genuen ez baliabiderik ezta mota honetako abenturetan
esperientziarik.
Eta hau izan zen nire muturreko
igeriketaren hasiera.
Galdera: Zein da zure
prestakuntza-errutina?
Erantzuna: Autobuseko
gidaria naiz, lanbidez. Laneko ordutegia aldakorra dut, ez dut lanerako
ordutegi finkorik, beraz, ohitu egin naiz denbora-tarteetan entrenatzen.
Oporraldian prestakuntza
bikoitza edo hirukoitza egiten saiatzen naiz. Gimnasioa, MTB eta igeriketa ibaian,
horiek dira nire ohiturak. Eta proba eguna hurbiltzen denean prestatzeko orduak
ugaltzen ditut.
Galdera: Esan bezala, ez zara
lanbidez honetara dedikatzen ... Zaila da bi zereginak konbinatzea? Badakite
zure lantokian zertan zabiltzan? Zer esaten dizute?
Erantzuna: Esan dudan
bezala, Euskotren enpresan autobus-gidaria naiz. Ibarran bizi naiz eta Elgoibarren
dut lantokia, ordubete behar dut bidean eta etxera itzultzeko beste ordu bat.
Horri erantsi lanean egin behar ditudala 6 eta 9 ordu bitarteko lan-txandak.
Beraz, zaila da, baina borondatearekin dena lortzen da.
Nire lanean lankidek eta
ugazabek nire kirolerako joera eta elkarkidetasun nahia ezagutzen dute. Asko laguntzen
didate eta inoiz ez dute inolako arazorik jartzen bidaia bat egitea tokatzen
zaidanean. Egun libre bat eskatu dudanean nire oporretako egunetatik egin dut,
ez dut oparirik eskatu inoiz, eta hori nahiko nuke aipatu.
Galdera: Zure teknika ere
berezia da. Zergatik bizkar-igeriketa egiten duzu?
Erantzuna: Egia da
normalean crawl estiloan igeri egiten dela, baina neoprenozko jantziak ez du
mugimendua errazten, funtsean urpean igeri egiteko diseinatuta baitaude. Neoprenoarekin
Crawl estiloan bi besaldi egin eta segidan ezina sortzen zitzaidan. Konturatu
nintzen igeri egiteko modurik erosoena, atzera egitea zela.
Eta horrela ere arriskutsua eta
konplexua da, igeri egiten baituzu ibaian barrena ibilbidea ikusi gabe.
Oraindik ere gogoratzen dut lehena, esperientziarik gabe, ibaian aurkitu nintzen
ezagutzarik gabe, “zodiak”en laguntzarik gabe ... Eromena. Laguntza guztia
lurretik zen, mendiko bizikletaz aldamenetik eta nire aita furgoneta batez.
Horrela, estilo honetan hasi
nintzen, eta horrela jarraitzen dut.
Galdera: Baina teknika
honek zailtasunak ditu ...
Erantzuna: Igeriketa estilo
hau, lau igeri-estiloetatik, geldoena da. Horretaz gain, ibai batean igeriketan
egiteak arriskua areagotzen du, izan ere, ur korronteak, harriak… etab.
Etengabe adi egon behar duzu istripua saihesteko. Horregatik, gidari bat behar
dut, nire ikusmena izango dena, bidaia gidatzeko. Urtegietan, piraguistaren papera
ere oso garrantzitsua da, alboetako erreferentziarik ez baitugu.
Galdera: Uretan
akonpainamenduari buruz hitz egiten duzu. Zer nolako laguntza-taldea duzu?
Erantzuna: Talde finkoa
nire emaztea eta ni gara, eta gero jendea gehitu egiten da urteko denbora eta proba
gertatzen den tokian, inguruko lagunak izaten dira. Era berean, Cordobako lagun
batzuk aipatu nahiko nituzke, Antonio Martínez eta Eva Pulido, eta azkenik,
Aventuras Límiteren laguntza jasotzen dut.
Galdera: Zer da
garrantzitsua, indar fisikoa edo burukoa?
Erantzuna: Biak oso
garrantzitsuak dira, baina balantzan indar psikikoak aparteko pisua hartzen du,
eta fisikoa ere behar da noski.
Galdera: Lehenengo saio
hartatik, 1989an, Logroñotik Zaragozara doan horretan, sei etapetan egindako
lehen urrats hartatik, abentura asko bizi izan dituzu. Zein izan da
arriskutsuena?
Erantzuna: Egia esan,
bakar bat aukeratzea ez da erraza, ia guztiek arrisku eta zailtasunak baitute. Baina batzuk aipatzearren Neretva
ibaian igeri egin nuen Balkanetako gerra garaian; 927kilometro igeri Ebro ibaian
zailtasun ugariekin, Muerto Itsasoa zeharkatzea konplikatua zen: abuztuan beroa,
gatz kontzentrazio handia eta osagai
kimikoak. Oraindik gogoratzen dut Magallanes itsasarteko korronte hotzak eta
indartsuak Txilen; Titikaka lakuan aurkitu nuen oxigeno eskasia Bolivia eta
Peru artean; edo Maracaibo Lakuko beroa eta hezetasuna, Venezuelan, pirateria
ere beste arrisku bat zen.
Galdera: Zure bidaiak
solidarioak dira eta horien bidez zenbait konturi ikusgarritasuna ematen diozu.
zure ibilbidea ikusita, erakundeak zurekin harremanetan jartzen dira? Edo zu
jartzen zara haiekin harremanetan?
Erantzuna: Gehienetan gu
erakundeekin harremanetan jartzen gara. Uste dut nire elkarkidetasunerako
jarrera ikusita agian nirekin harremanetan gehiagotan jarri beharko
liratekeela, baina ez da erraza proiektu hauek aktibatzea. Nire ekintzak erabat
altruistak dira eta egoera eta arazo jakin
batzuei ikusgarritasuna emateko egiten ditut.
Galdera: Beraz, nola
hautatzen duzu gaia ikusgai egiteko?
Erantzuna: Gai bat edo
bestea aukeratzeko gaurkotasunari begiratzen diogu, edo beste batzuetan, lagun
edo familiako kideak dira kaltetuak. Behin gaia aukeratu dugunean, gai
horrekiko lotura duen erakundearekin harremanetan jartzen gara elkarlana
proposatzeko.
Azpimarratu behar dut inolako
ordainsaririk ez dudala jasotzen, hau da, erabat altruista den ekintza bat da, bat
baino gehiago harritu egiten da.
Galdera: Muturreko
igeriketa jardueran ia 30 urte pasa ondoren, denboraren igarotzea nabaritu duzu?
Erantzuna: Urteak
aurrera doazen neurrian, zailena eguneroko lanaren eta kirol prestakuntzaren
arteko osagarritasuna lortzea da. Egun
askotan oso nekatuta amaitzen dut.
Galdera: Beraz, ez duzu
pentsatu erretiratzea?
Erantzuna: Ez, ez. Egoera
onean nago eta nire bidaietan jende askok laguntzen dit, gainera nire oporretan
eta jai egunetan zehar egiten ditut jarduera hauek. Yolandak, nire emazteak,
esan dit aurrerantzean zerbait ez bada ondo ateratzen edo arazo fisiko
esanguratsuak suertatzen badira utzi egin beharko dudala. Arrazoi osoa du.
Galdera: Zuk jaso dituzun
aitortza guztietatik zein nabarmenduko zenuke?
Erantzuna: Beno,
nabarmenduko nuke CEAFAren Nazio Kongresuak
emandakoa (Espainiako Alzheimer-Konfederazioak sarituta, Valladoliden, 2015ean,
Sofia Erreginaren agur pertsonala jaso nuen, Ohorezko Presidentea baitzen bera).
Oso hunkigarria izan zen.
Harro nago ere muturreko bizkar-igeriketan
munduko errekorra aitortu zidanean ORWak (Official World Record), erakunde
amerikarrak ematen du titulu hau.
Galdera: Zu ezagututa,
honez gero beste jardueraren bat prestatzen zabiltza ezta?
Erantzuna: Bai, egia da
bai. Dena prestatze fasean da eta ez dugu ezer itxita, proiektu askoren bueltan
ari naiz lanean.
Galdera: Ezin al duzu
zerbait aurreratu?
Erantzuna: Ekainaren
10ean, gidatzearen arriskuei buruz kontzientziatu nahi dugu gizartea eta
igeriketa egin nahi dugu Euskadiko Stop istripuak erakundearekin elkarlanean
(Proba eginda dago)
Abuztuaren 15ean, erretinosi pigmentarioa
deituriko gaixotasuna nahi dugu ikusgarri jarri, kasu honetan DameTVision
elkartea da lankide, Lehendakaria Ibon Casas da, euskal rockaren ordezkaria.
Kanpainaren mezua hau izango da: "Itzal ezazu argia eta egin igeri!".
Comentarios
Publicar un comentario